XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paperezko abanikoa

Bi gizonezko neoizko argi batzuen argitan biltzen dira; bizkarretik heldu eta aretora barneratzen.

Maitasun bat jaio daiteke gauaren babesean eta ez da horregatik zerutik tximistarik jausten.

Bi gizonezko harea pilatzen ari dira hondartzan eguzkitan etzateko.

Batak toaila arrosa destolestatzen du eta urdina bigarrenak eta elkarren ondoan etzan dira.

Bikote bat jaio da eguzkiaren argitara eta ez horregatik lurra hondoratzen.

Itsasoa mugatzen duen petrilaren gainean bi neska eserita daude.

Tarteka musu geldi eta pausatuak ematen dizkiote elkarri.

Eta horregatik ez da itsasoa asaldatzen, ez du munduak dardararik sentitzen, ez eguzkiak bere biderik erratzen.

Gay-ak, gay izateaz harro diren guztiek beren eguna izango dute igandean eta guk txoko bat eskaini diegu ale honetan.

Uda da eta astean zehar loretu diren beste gai bitxi asko ere bildu ditugu orrialdeotan.

Tamalez asteko protagonista politikoa izan den Maddi Heguy-ri eskaini diogu bat.

Maritxu Erlanz, Uliako sorginari bestea.

Heladuek Euskal Herrira izan zuten sarrera aztertu dugu barkillero santanderino batzuei segituz eta beste zenbait protagonisten artean Santiagora doazen Santurtziko gazte talde bat, igandean Arruazun izango diren kanpanjoleak, Ramon Zallo ikerlea, Luzia Goño bertsolarisa eta beste hainbat aipatu ditugu, egunkaritxo honekin kolore askotako abaniko bat egin nahiz.

Asteburuan berorik egiten badu, baduzu zerekin abanikaturik.

Ondo izan eta agur.